STEM ikertzaileak

 

Zer da STEM?

Esparru teknologiko eta zientifikoa da, bere hedadura osoan, Science, Technology, Engineering and Mathematics terminoetatik datorrena. 

Emakumeen gabezia sumatu da STEM-en esparru batzuetan, ingeniaritzan batez ere (medikuntzan eta bizitzaren zientzietan gehiengoa badira ere); batik bat, goi-postuetan, zeinak baitira garrantzi handienekoak eta hobekien ordaintzen direnak. Faktore askok eragiten diete gazteei beren etorkizunari buruzko erabakiak hartzerakoan. Ekimen honen bidez, Elhuyarrek mundu zientifiko eta teknologiko interesgarri horretara gerturatzera animatzen ditu erakundeak, STEM profesional boluntarioak, hezitzaileak, teknologia- eta ikerketazentroak eta euskal enpresak. Gure ustez, hori ona izango litzateke gizartearentzat, STEM ingurunearentzat eta aniztasun handiagoa sustatzeko hurbilketa hori egingo duten pertsonentzat.

 

STEM profesionalen estereotipoak

Gizartean, zabaldurik dago STEM profesionalen irudi bat, negatiboa: zientzialari (gizonezkoa) erdi eroa, bere burutapen abstraktuetan kontzentratua eta bizitza pertsonalean despistatua, genioa, arraza zurikoa, inork ulertzen ez dituen formulak arbelean zirriborratzen dituena, bakarrik lan egiten duena… Mundu teknologiko-zientifikoa zabalagoa eta pluralagoa da, ordea, eta, gaur egun, ez da bideragarria talderik gabe lan egitea. Nolanahi ere, irudi horrek eragin negatiboa du zenbait gazterengan; izan ere, etorkizuna STEM eremuan jorratu nahi duten arren, batzuei kostatu egiten zaie beren burua irudi horretan islatuta ikustea.  Horregatik, birdefinitu eta proiektatu nahi dugun STEM-en irudia.

Enpresak, gazteak eta gizartea oro har animatu nahi ditugu genero-arrakala ixtera, kristalezko sabaia apurtzera, bizitza duin baten alde lan egitera eta bizitza osoko garapen pertsonala ahalbidetzen duen kultura zientifikoa lantzera. Jakintzaren eta kulturaren beste adar batzuk gutxietsi gabe, uste dugu merezi duen zerbait dela zientzia, mundua hobetzeko ekarpen handiak egin ditzakeelako, eta oso zoriontsu egin zaitzakeelako.