Oinarriak

  • Adina: 12 urtetik 18 urtera bitarteko Euskal Herriko gazteak, ikastetxetik edo eskolaz kanpo, betiere adinez nagusi den pertsona baten ardurapean.
  • Taldekide-kopurua: gehienez lau kideko taldeak onartuko dira; banaka ere parte hartu daiteke.
  • Gaia: Ikerketa-galdera bati edo erronka bati erantzuten dion proiektu bat aurkeztuko da, eta STEAMeko edozein arlotakoa izan daiteke proiektua. Artearekin lotutako proiektuak ere aurkez daitezke, baldin eta STEM osagaia agerikoa badute. Proiektuak ikasturtean zerotik hasitakoak izan daitezke edo beste proiektu batean oinarrituz hobetutakoak (norberaren proiektu batean edo beste norbaitenean oinarritutakoak, betiere jabetza aitortuz).
  • Hizkuntza: proiektuak euskaraz aurkeztu behar dira, hau da, azalpenak euskaraz emango zaizkie ebaluatzaileei, euskarriak euskaraz egongo dira, eta bideoa ere euskaraz ekoitziko da. Standean daudenean, azalpenak kaleko entzulearen hizkuntzara moldatuko dira. Atzerritik gonbidatuta datozen taldeek gazteleraz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dituzte haien proiektuak.
  • Alderdi etikoa: proiektuetan kontuan hartu beharko dira alderdi etikoari lotutako honako puntu hauek:
    • Ez dira onartuko pertsonentzako edo beste edozein bizidunentzako arriskutsu izan daitezkeen proiektuak: segurtasun biologikorik gabeko kultibo mikrobiologikoak, material toxikoak, lehergaiak, etab.
    • Osasunaren inguruko proiektuetan, laginen datu pertsonalak babesteko neurriak hartu direla bermatu behar da.
    • Animalia bizidunekin esperimentuak egin dituzten proiektuek alderdi etikoa landuta izan beharko dute (egin denari eta hartu diren erabakiei buruzko hausnarketa).
    • Proiektuak Garapen Jasangarrirako Helburu batekin edo gehiagorekin lerrokatuko dira.
    • Ez da onartuko berdintasunaren balioen kontrako proiekturik.

 

Ikertzaileen laguntza

Ikertzaileen egitekoak bi dira: batetik, haren lantokia eta lana gazteengana hurbiltzea; bestetik, gazteei beren proiektua bideratzen laguntzea.

 

Hartara:

  1. a) Ikertzaileak bere testuinguruaren berri emango die gazteei. Bere burua aurkeztuko du, zer ikasi duen, zertan egiten duen lana, non egiten duen lana, nola, norekin…
  2. b) Gazteen lana bideratzeko laguntza emango du, batez ere proiektuaren planteamendua fintzeko eta lanerako metodologia zehazteko. Komeni da gazteek aurrez landua izatea proiektuaren ideia orokorra, hala laguntzeko aukera gehiago izango baititu ikertzaileak: abiapuntuko galdera, ideia edo erronka zein den, nola egiteko asmoa duten, nora iritsi nahi duten, planifikazioa, beharko dituzten baliabideak, aurreikusi daitezkeen arazoak, etab.

Irakaslearentzako oharra:

  • Ikertzaileari goiz bateko laguntza eskatzen zaio, bere lantokia bisitatzeko aukerarekin, ahal bada. Ezin bada, beste aukeraren bat adostu beharko dute ikertzaileak eta irakasleak.
  • Lehen kontaktua irakasleak egin behar du beti ikertzailearekin, ez ikasleak. Telefonoz deitzea komeni da. Dei horretan, gazteek zer egiteko asmoa duten azaltzeaz gain, komeni da nola lan egingo duten adostea eta ikertzailea zenbateraino dagoen laguntzeko prest zehaztea.
  • Ikertzaileei ez zaie eskatzen ikasturte osoko tutoretza-lanik, ez eta galdera teknikoak unean bertan erantzutea ere. Dena dela, ikertzaileak erabaki dezake laguntza jarraituagoa eskaintzea gazteei. Horregatik, oso garrantzitsua da hori argitzea irakaslearekin duen lehen kontaktu horretan.