Euskal ZT sarea

 

 

Entitate edo enpresa hauekin aritzen gara elkarlanean Zientzia Azoka proiektuan:

UNESCO ETXEA: Unesco Etxearekin bat egin dugu Garapen Iraunkorrerako Helburuen zabalpenean laguntzeko, eta Elhuyarrek biltzen dituen gazte ekintzaileek Zientzia Azokarako egiten dituzten proiektuak Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerrokatuta egon daitezen, ea guztion artean beste eredu bat eraikitzen laguntzeko gai garen! Lortuko dugu, ziur!

MILSET mugimendua (Mouvement International pour le Loisir Scientifique et Technique): MILSET mugimenduko kide da Elhuyar 2016tik, eta, aliantza horren bidez, nazioarteko eta mundu mailako esperientziak eskaini ahal izango dizkiegu gure gazteei, dela beste herrialde batzuetako zientzia-azoketara edo zientzia-udalekuetara joateko, edo bestelako zientzia- eta teknologia-bizipenak izateko.

Estatuko eta nazioarteko bestelako zientzia-azokak: Elhuyar Zientzia Azokaren pareko beste azoka batzuekin hitzarmenak sinatuak ditugu; hain zuzen ere, gaur egun, hiru azokarekin dauzkagu halako hitzarmenak: Exporecerca Jove antolatzen duen MAGMA gazte-elkartea, Galiciencia antolatzen duen Tecnopole Parket Teknologikoa eta Mostra Nacional Portuguesa antolatzen duen Portugaleko Fundação da Juventude.

Ikertzaileen ekarpena eskaintzen duten erakundeak: Euskal Herriko bost unibertsitatek ikertzaileak eskaintzen dituzte, taldeei aholkularitza emateko. Hauek dira, hain zuzen ere: UPV/EHU, NUP, MU-Eskola Politeknikoa, Deustotech eta Digipen. Unibertsitateez gain, Ikerbasquek ere eskaini dio lankidetza Elhuyar Zientzia Azokari, Bizkaia:talent-ek eta Neiker-Tecnaliak ere bideratuko dituzte ikertzaileak proiekturako.

Emakumeak zientzia eta teknologian: INSPIRA proiektuak biltzen dituen emakume profesionalen sareak ere eskaintzen ditu mentoreak Elhuyar Zientzia Azokan. Proiektu horrekin bat egiten du Elhuyarrek, nesken artean zientzia- eta teknologia-bokazioak bereziki sustatzeko. Ikus INSPIRA Manifestua.

Gazteengan zientzia- eta teknologia-egonaldiak eskaintzeko eragileak: Tecnalia eta IK4 Korporazioekin, CIC nanoGUNErekin, TZBZren The Makery-rekin, Neiker-Tecnaliarekin eta ERABI enpresarekin harreman estua dugu Zientzia Azoka proiektuan. Lankidetza bi arlotan egiten da: alde batetik, haien zenbait ikerketa-zentrotan egingo dute egonaldia talde irabazleek; bestalde, epaimahaikide-lanetan dabiltza. Horrez gain, bidean sor daitezkeen bestelako lanetarako ere kide ditugu eragile horiek.

Zientzia- eta teknologia- museoak: Gazteen zientzia-kapitala handitzeko helburuarekin, familian edo kuadrillan hartzen dituzte museoek gazteak, Zientzia Azokaren inspirazio-fasean, eta baita ondoren ere, sari gisa. BTEK teknologiaren interpretazio-zentroa eta Iruñeko Planetarioa ditugu horretarako lagun.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila: Berritzeguneetako Natur Zientzietako eta Teknologiako aholkulariekin aritzen gara lankidetzan. Hezkuntza Sailak, orobat, proiektua ekonomikoki sustatzeko ekarpena egiten du.

Bilboko Udalak Elhuyar Zientzia Azoka finantzatzen du, eta, gainera, antolamenduan eta zabalpenean ere inplikatzen da.

Bilboko Alde Zaharreko Komertzianteen Elkartea ere inplikatzen da Azoka egunaren antolaketan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-ekarpena eta lankidetza ditu, orobat, proiektuak.

Iberdrolak, Euskaltel Konekta Fundazioak eta ERABIk, finantziazioaz gain, ikertzaileak eta instalazioak jartzen dituzte Azokaren mesedetan.

Nafarroako Zientziaren Lagunen Kluba ere bidelagun dugu Zientzia Azoka proiektuan.

 Aurreko urteetan parte hartu izan duten gazteek lankidetzarako eskaini dute beren burua, edizio berrian parte hartzeko, bai ebaluatzaile gisa, azoka diseinatzen, gazteei arreta ematen eta laguntzen, etab. Zuk ere har dezakezu parte Zientzia Azokaren antolamenduan. Idatzi mezu bat: zientzia-azoka@elhuyar.eus.