Ikertzaileak

Zientzia Azoka ekimena gazteek garatutako proiektuen azoka da. Ikasturtean zehar, taldeka, gazteek erabakitzen duten gaiaren inguruan aritzen dira lanean. Bidean, ikertzaile profesionalen laguntza jasotzeko aukera dute, bizipenak konpartitzeko eta gazteen lana bideratzen laguntzeko.

 

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA GAZTEAK IKERTZAILEEKIN KONTAKTUAN JARTZEA?

 

Elhuyar Zientzia Azokan gazteak eta profesionalak harremanetan jartzen ditugu, role model-ak gazteei eskaintzeko. Eta ikusi dugu gazte eta profesionalen arteko harremana ezin dela edonolakoa izan eraldaketa eragin nahi baldin badugu, eta, batez ere eta nagusiki nesken eta emakumezkoen egoera irauli nahi bada.

Ikerketek adierazitakotik, ez da gauza bera zientziaren inguruko interesa izatea, eta “norbere burua zientzialari ikustea”. Interesa oso-oso handia izanda ere, gazte batek ez badu bere burua zientzialari ikusten, bortizki gutxitzen da derrigorrezko ikasketen ondoren zientzia-ikasketei heltzeko probabilitatea. Eta norbere burua “zientzialari” ikusteak, edo, bestela esanda, STEM identitateak, bi gako nagusi ditu: lehenengo, partaide izatea sentitzearen alderdi psikologikoa dago, alegia, norbere burua STEM komunitatearen parte ikustea, eta, bigarren, onarpen soziala edo pertsona hori STEM komunitateak onartzea (hezkuntzakoak eta profesionalak) mundu horretan ondo egokitzen den taldeko kide gisa. STEM komunitatearen errekonozimendua dimentsio gakoa da STEM identitatea garatzeko, orobat, Carlone eta Johnson-en lanetan (2007). Azken horien ereduan oinarrituta, STEM identitatea lor dezake norbanako batek baldin eta, bere konpetentzien eta ekintzen ondorioz, eredu esanguratsu edo adierazgarriak diren beste pertsona batzuen onarpena jasotzen badu, alegia, norbanakoak ikusten duenean pertsona adierazgarri horiek STEM pertsona gisa onartzen dutela.

Horregatik gazteekin harremanetan jarriko ditugun ikertzaile edo STEM profesionalek berebiziko garrantzia izan dezakeen eginkizuna bete dezake gazteen STEM identitatea garatze aldera, hain zuzen ere STEM identitate horren aitortza esplizitutik abiatuta.

 

Lan-dinamika

Azokarako deialdia urrian egin da, eta gazteek abendura arteko epea izaten dute zeren inguruko ikerketa edo proiektu teknologikoa egin nahi duten erabakitzeko. Aukeratutako gaiaren arabera esleitzen zaie ikertzailea. Talde bakoitzari ikertzaile bat esleitzen saiatzen da Elhuyar; dena dela, ikertzaileak boluntarioak direnez, ezin da ziurtatu talde guztiek izango dutenik aukeratu duten eremuko ikertzailea. Esleipen-prozesu hori irakasleek eta Elhuyarreko teknikariek lantzen dute ikasturtean zehar, ahalik eta bizipen aberasgarriena izateko.

 

 

Ikertzaileen erakundeetarako bisitak urtarriletik martxora egiten dira, eta bi edo hiru orduko saioak izaten dira, gehienez.

 

Ikertzaileen papera

  1. Ikertzaileak bere testuingurua hurbilduko die gazteei. Bere burua aurkeztuko du, zer ikasi duen, zertan egiten duen lana, non egiten duen lana, nola, norekin…
  2. Gazteen lana bideratzeko laguntza: galderak nola egin eta lanerako metodologia zehaztu. Gazteek beren lanerako egin beharko dituzten urratsen diseinua (zein galderari erantzun, nola bilatu erantzunak, nora iritsi nahi duten, bidean aurkitzen dituzten ”sorpresen” aurrean nola erreakzionatu...).