CO2 neurgailua

COVID 19aren krisialdi sanitario honetan, eskoletan egoera larrian gaude, pertsona kopuru handia leku txikietan biltzen bait gara. Gobernuak jartzen dituen arauek, protokoloek, neurriek, gomendioek eta baimenek, batzuetan ez dira nahikoak; beraz, guk geuk bilatu behar ditugu moduak hezkuntza presentziala ahalik eta modurik seguruenean egiteko. Garrantzi handikoa izango da airearen kalitatea aztertzea eta pentsatu dugu geletan CO2 neurgailuak jartzea airea noiz eta zenbat berritu behar den erabakitzeko.
Taldearen izena
koolan
Taldekideak
  • Dani Do Canto Moreira
  • Ander Galindo Peromingo
  • Brenda López Palmeira
  • Onneka Txasko Gurruchaga
Irakaslea / tutorea
Hur Ezeiza Ezeiza
Ikastetxea
Beasaingo La Salle
Maila
dbh4
Herria
Beasain
Probintzia
Gipuzkoa
Hizkuntza
Euskara
Lanaren eremua
  • Fisika / Kimika
  • Ingeniaritza teknologia
  • Osasuna
  • Biologia / Geologia
Proiektu mota
Ikerketa proiektua
Proiektuaren txostena

application/pdf Deskargatu — 1255 KB


Ikertzaileen balorazioak

Maite de Blas Martín    

Ingurumen Teknologiak - Airearen Kalitatea - Ingurumen-Aztarna          

Bilboko Ingeniaritza Eskola

UPV/EHU

Kaixo talde!

Lehenik eta behin zoriondu behar zaituztet egindako lan bikainagatik. Proposatzen duzuen CO2-neurgailua eguneroko bizitzan aplikagarria da, espazio oso txikia behar du, denbora errealean ematen ditu emaitzak eta ez da batere garestia. Zorionak!

Jorratu duzuen gaia oso erakargarria da niretzat. Izan ere, airearen kalitatea da nire ikerkuntza arloa. Hala ere, kanpoko airearen kalitatea ikertzen dut, gehienbat airearen ohiko kutsatzaileen inguruan (nitrogeno oxidoak, partikulak, konposatu organiko lurrunkorrak, etab.). Karbono dioxidoaren maila barneko airean, zalantzarik gabe, COVID-19 pandemiaren ondorioz gaur egun jorratu beharrekoa. Agian nire ikerkuntza taldean ikerketa-lerro berri modura proposatuko dut!

Proiektua oso ondo azaldu duzue, euskara zuzena erabiliz eta oso era naturalean. Bideoari dagokionez, faltan bota dut zuek hasieratik ikustea, baina asko poztu nau bukaeran ikusteak! Lana aurrera eramateko diziplina desberdinak erabili behar izan dituzue, hala nola programazioa eta ingurumen zientziak. Gainera, neurgailua frogatzeko saiakuntza desberdinak egin dituzue, kandela piztearen saiakuntzaren emaitzak oso adierazgarriak dira! Hala ere, bideoaren bukaeran alkohola bota duzue sentsorean eta erantzuna CO2-kontzentrazioa igoaraztea izan da. Uste duzue alkohola neurketaren interferentzia izan daitekeela? Azkenik, airearen kalitatean oinarrizko erreferentzia fidagarriak (NIOSH, RITE, WHO etab.) aipatu dituzue (horietako batzuk kontsultatzea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ez ditut ‘Erreferentziak’ atalean topatu).

Proiektua ondo atera zaizue, baina ez ahaztu oztopo eta arazo askori aurre egin diezuela. Animatzen zaituztet zuen neurgailua egokitzera beste ingurune batzuetan, ikasgelaz kanpo, probatu ahal izateko! 😊

___

Esther Acha Peña        

Hidrógeno, catálisis, tratamiento térmico a residuos      

Escuela de Ingeniería de Bilbao

UPV/EHU

Zorionak!
Lan ikusgarria iruditu zait, osoa, ondo garatua, azaldua eta aplikatua. Uste dut oso interesgarria litzatekeela gela guztietan partekatu eta aplikatu ahal izatea! Ni neu askoz lasaiago sentituko nintzateke gure klaseetan horrelakorik bagenu, egia esan. Zalantza bat sortu zait: ea neurtutako balioa beste ekiporen batekin alderatu duzuen, edo, beharbada, sistema kalibratuta zetorren. Izan ere, kontzentrazioak hain tarte txikietan neurtzen direnean, desbideratze txiki batek eragin handia izan dezake emaitzan. Bideoa oso argia izan da.
Proiektuari berari dagokionez, oso ondo egituratuta eta deskribatuta dagoela uste dut. Gauza txikiren bat besterik ez. Kontuz ibili formatuko gaiekin. Pena da, hain lan ona egiten duzuenean, formatu-akatsen ondorioz pixka bat zikinduta geratzea (idatzi beti unitateak berdin, tauletan ilara guztiek formatu berarekin, mugitu den tituluren bat duzue,…). Nik dokumentu bat bukatutzat ematen dudanean, pdf formatura pasatu ondoren, azken errepaso batzuk ematen dizkiot beti, formatua ondo dagoela, unitateak ondo daudela, tituluak ez direla mugitu eta abar egiaztatzeko. Denbora pixka bat behar du, baina gero lana edukia bezain ona den bilgarri batekin geratzen da.
Espero dut proiektuari jarraipena ematea eta leku askotara iristea!