Landareen hazkuntza ur gaziarekin

Ikerketaren helburua, landare desberdinek gazitasuna nola onartzen duten eta haien portaera aztertzea da. Emaitzetan oinarrituz gatza kentzeko sistema bat sortu zen, landareentzako onargarria zen gatz kontzentrazio bat lortu arte. Horretarako, hiru fasetan banatu zen ikerketa. Lehenengo bi faseetan, landareek ur gaziarekin duten portaera aztertu zen; lehenengo fasean haziekin eta bigarrenean landare ernamuinduekin. Bildutako datuak erabiliz, hirugarren fasea gauzatu zen. Proiektuaren bloga: lorezainak.eus
Taldearen izena
Lauroko Lorezainak
Taldekideak
  • Joane Rodriguez Valer
  • Aketx Olmos Burgos
  • Naia Sanz Dávila
Irakaslea / tutorea
Amaia Perez Perez
Ikastetxea
Lauro Ikastola
Maila
batxilergoa1
Herria
Loiu
Probintzia
Bizkaia
Hizkuntza
Euskara
Lanaren eremua
  • Biologia / Geologia
  • Fisika / Kimika
Proiektu mota
Ikerketa proiektua
Proiektuaren txostena

application/pdf Deskargatu — 788 KB


Ikertzaileen balorazioak

Silvia Arazuri Garin

Ingeniaria

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Kaixo gazteak! Lan polita eta interesgarria egin duzue, zorionak!
Kasualitatez, nire ikertze taldeak aztertzen ari da zer eragina duen mahaztietan ur gaziarekin ureztatzeak. Lan egiten dugu Murtziako talde batekin, han arazo handia dute eta.
Esperimentuak oso ongi antolatu dituzue, nahiz eta oso hazi gutxi erabili, kontuz horrekin. Aleak ez dira beti germinatzen eta zuek ongi prestatu arren posible da ez ateratzea pentsatu duzuen bezain ongi. Dena den, ia-ia onartu dituzue hipotesi guztiak. Zorionak!!!
Txostena zuzena da, agian emaitzak kuantifikatzea ongi izanen litzateke, adibidez, zuek esan duzue arroza ez dela bigarren fasera pasatu baina ez duzue esan zer ehunekoarekin onartuko zenuketen emaitza. Edo alderantziz, landare bakoitzeko zenbat hazi germinatu dira pasatzeko.
Dena den lan eta bideo ederra egin duzue!!!

___

Juanma Ramirez         

Biokimika, Genetika, Angelman sindromea       

Zientzia eta Teknologia Fakultatea

UPV/EHU        

Kaixo Lauroko lorezainak!!
Zein lan polita egin duzuena! Zorionak!! Egindako lana asko gustatu zait!!
Lehenik, egindako esperimentuak zuek espero zenuten bezala atera ez diren arren, ez arduratu gehiegi, horrek hurrengo esperimentuak planteatzeko esperientzia handia eman dizuelakoan nago. Ikerkuntzan egiten ditugun esperimentuak askotan ez dira behar bezala ateratzen, batez ere, zuen moduan, gai berri batekin hasterakoan. Hain zuzen ere, gure laborategian proiektu berri batekin hasi gara orain, 6 hilabete inguru daramatzagu ikertzen. Gure helburua, alga batzuetatik erregai garbi bat sortzea da. Bada, 6 hilabete hauetan egindako esperimentu guztiak gaizki atera dira. Alabaina, hori ez da gauza txarra izan, baizik eta ikasketa prozesu bat izan da guretzat; orain gaiari buruz hasi aurretik baino askoz gehiago dakigu eta. Beraz, ez ezazue amore eman, bide onetik baitzoazte! Lan bikaina egin duzue!! Ziur nago, orain daukazuen esperientziarekin, hurrengo esperimentuak planteatzen dituzuenean ondo aterako direla!
Zuen txostenari dagokionez, gaia, helburuak eta material eta metodoak oso ondo aurkeztu dituzuela uste dut. Soilik bideoan aurkeztu dituzuen irudiak emaitzen atalean gehitu izango nituzke nik, hazi ezberdinen hazkuntza erakusteko, blogean egin duzuen moduan. Bide batez, oso polita eta oso ondo antolatuta dago egin duzuen bloga! Beste aldetik, erreferentzien formatuaren inguruan gauza txiki bat aipatu nahiko nizueke. Ikerkuntza txosten batean erreferentziak ez dira bakarrik amaieran jartzen, baizik eta testuan zehar ere. Lan hori automatikoki egiteko zenbait programa daude. Hala nola, Zotero (https://www.zotero.org/), nik egunero erabiltzen dudana; doanik da eta oso erraza erabiltzeko.
Amaitzeko, proiektuarekin jarraitzen baduzue, ur normalarekin ureztatutako landareak kontrol moduan ere jartzea proposatzen dizuet, baita ondorengo lau kondizio desberdin batera konparatzea ere. Kasu batean landareen haziek kordoietatik xurgatu behar duten ura ur destilatua izan dadila, bigarrenean ur normala, hirugarrenean ur gazia eta azkenengoan zuen sistemaren bitartez gatzgabetutako ura. Lau kondizio hauek batera jarrita, zuen aldagai bakarra uraren gazitasuna izango da, landareen beste kondizio guztiak (eguzkia, tenperatura, etab) berdinak izango baitira. Modu horretan, ur normalarekin ureztatutako landareak ondo hazi beharko lirateke, ur destilatuarekin eta ur gaziarekin ureztatukoak, aldiz, arazoak izango dituztelakoan nago. Beraz, honekin, zuen sistemaren bitartez gatzgabetutako urarekin ureztatutako landareak zein tartean geratzen diren ikusiko duzue.