CF Somorrostro Heziketa Zentroko gazteek Cambren zientzia-proiektuak aurkeztu dituzte

2022/09/19
Irailaren 16tik 18ra, Coruñako Cambren egin den Open Science zientzia-azokan izan dira CF Somorrostro Heziketa Zentroko DBHko ikasle gazteak

'Elhuyar Zientzia Azoka 2022' azokan saria jaso zuen ‘Behin betiko bideokontsola’ proiektua, eta 2021eko Azokan saria jaso zuen 'Eguzki-hozkailu jasangarria' proiektua aurkeztu dituzte gazteek Coruñako Cambreko Open Science 2022 zientzia-azokan. 2021ean, Covid osasun-egoerak ez zuen aukerarik eman zientzia-azoka egiteko eta aurten bi urteetako proiektuekin egin dute azoka handia.

2022ko ekainaren 2tik 4ra ospatu zen Elhuyar Zientzia Azokan saritutako proiektuetako bat da aurtengoa, eta, esan bezala, 2021ekoa bestea.

Hona gazteek bere 'Behin betiko bideokontsola' lanari buruz diotena: 'Proiektu hau dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat dago pentsatuta; izan ere, gaur egun erabiltzen diren bideokontsola eta bideojokoak ez daude pertsona guztientzat egokituta. Horretarako, bideokontsola inklusibo bat sortu dugu, baita bideokontsola horrekin jolasteko hiru bideojoko ere. Laburbilduz, berrerabili daitekeen materiala erabiliz dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat bideokontsola eta bideojokoak sortu ditugu.'

Eta 'Eguzki-hozkailu jasangarria' lanari buruz ere arro daude gazteak: 'Norbaitek galdetuko baligu nola lor litezkeen ura, elikagaiak eta sendagai freskoak hirugarren munduan, sare elektrikora konektatuta egon gabe, zaila izango litzateke erantzuna ematea; proiektu honetan arazo hori konpontzea saiatu gara, panel fotovoltaiko baten bidez lortutakoa energia-iturri gisa erabiltzen duen hozkailu jasangarri eta eramangarri bat diseinatuz eta eginez.'

Muskizko CF Somorrostro Heziketa Zentroko DBHko ikasleak eta euren irakasleak Elhuyar Zientzia Azokaren ordezkari izan dira Cambren.

Oso gustura ibili dira gazteak eta esperientzia polita bizi izan dutela esan dute itzultzean: 'esperientzia fantastikoa izan da, eta, batez ere, 2 urte igaro ondoren, bertaratu izan baitira. Gainera, gure ikasleak beste ikasle batzuen familiek hartu dituzte egonaldian, eta beste leku batzuetako ikasleen proiektu zientifikoak ikusi ahal izan dituzte, hala nola Madril, Andaluzia, Katalunia eta Lituaniakoak; laburbilduz esperientzia ahaztezina izan da.'

Zorionak, gazteok, eginiko lanagatik eta izandako bizipenagatik!

 

     

 

Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Euroeskualdearen, FECYT-en (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa,  Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du.