Ideiak eta aurreko proiektuak

Aurreko urteetako lan guztiak ikusgai daude hemen. Edozein errepika daiteke, datu berriekin edo planteamendua hobetuta.

Ikusi aurreko urteetako proiektuak  ›

Gogoan izan

Gaia librea da.

Ez dago gai hoberik ez txarragorik, eta gaiak ez du eraginik ebaluazioan. Balioesten dena prozesua da: galdera, metodoa, ebidentziak eta ondorioak.

Proiektu-ideiak

Ideiarik ez? Zortzi abiapuntu

Zortzi proposamen, eskolan bertan material arruntekin egiteko modukoak. Denak dute muga bat aitortuta: hori ere proiektuaren parte da.

1Zer gertatzen da adibide batzuk falta direnean?

Entrenatu irudi-sailkatzaile bat bi aldiz: behin kategoria bakoitzeko 40 adibiderekin, eta behin 70 eta 10 adibiderekin. Neurtu errore-tasa kategoria bakoitzean. Erabili objektuak, hostoak edo txanponak, inoiz ez pertsonen argazkiak.

MUGAEskolako alborapena ikusgarria eta txikia da. Sistema errealetakoa askoz zailagoa da detektatzen.

2Fidagarriagoa al da hizkuntza-eredu bat gaztelaniaz euskaraz baino?

Prestatu erantzun egiaztagarria duten 30 galdera (datak, formulak, definizioak), egin bi hizkuntzatan eta zenbatu erantzun zuzenak, okerrak eta asmatuak.

MUGAEreduak eguneratzen dira. Erregistratu data eta bertsioa.

3Igartzen al dugu pasahitz bat sendoa den?

Sortu 20 pasahitz fikziozko, kalkulatu haien entropia formula batekin, eta alderatu jendeak ematen dien segurtasun-puntuazioarekin (1etik 5era).

MUGAInoiz ez eskatu benetako pasahitzik, ezta antzekorik ere.

4Zerk salatzen du mezu iruzurti bat?

Prestatu 10 mezu simulatu (5 legitimo, 5 iruzurti), bakoitzean seinale bakarra landuz: helbide okerra, presa, ortografia, esteka mozorrotua. Neurtu zein seinale igartzen den errazen.

MUGAParte-hartzaileek badakite proba bat dela, eta horrek detekzio-tasa puztu dezake. Erantzunak anonimoak.

5Zergatik “berragertzen” da argia hiru polarizatzailerekin?

Jarri hirugarren polarizatzaile bat bi gurutzaturen artean eta neurtu argi-intentsitatea angeluaren arabera, 0tik 90 gradura. Telefonoaren argi-sentsorea nahikoa da.

MUGAOptika klasikoa da (Malusen legea). Fisika kuantikorako sarbide ona, baina ez du ezer kuantikorik frogatzen.

6Zenbat aldiz bota behar da txanpona?

Bota txanpon edo dado bat 10, 50, 100, 500 eta 1.000 aldiz, eta neurtu zenbat urruntzen den emaitza probabilitate teorikotik. Egin gauza bera kalkulu-orri batean simulatuta eta alderatu bi kurbak.

MUGAProbabilitate klasikoa da. Fisika kuantikoa ere probabilistikoa da, baina esperimentu honek ez du hori frogatzen.

7Non dago zarata ikastetxean?

Neurtu dezibelak (dBA) gunez gune eta orduz ordu telefono-aplikazio batekin, eta alderatu ikasleek kontzentratzeko txarrentzat jotzen dituzten guneekin.

MUGAMikrofonoak ez daude kalibratuta, konparazio erlatiboak baino ez. Gune zaratatsuenak jendetsuenak ere izan daitezke.

8Zenbateraino da irisgarria gure ikastetxea?

Egin egiaztapen-zerrenda bat (ate-zabalerak, arrapalen malda, seinaleztapena, komunak, ebakuazio-ibilbideak) eta neurtu zenbat irizpide betetzen diren. Metro-zinta eta telefonoko inklinometroa.

MUGAIrakurketa sinplifikatua da, ez txosten teknikoa. Emaitzak proposamen gisa helarazi ikastetxeari.

Ideia hauek orain arte gutxi landu diren eremuetakoak dira (adimen artifiziala, zibersegurtasuna, teknologia kuantikoak, osasun komunitarioa), eta bat datoz PCTI Euskadi 2030 planaren Berrikuntza Itsasargiekin. Iradokizunak dira, ez lehentasunak.

Praktikan

Hiru aholku

Hasi hurbileko zerbaitetik. Ura, zarata, elikagaia, garraioa, mugikorra, lorategia. Lotura zientifikoak gero etorriko dira.

Bereizi gaia eta metodoa. Gai xume bat izan daiteke proiektu bikaina.

Erakutsi mugak aitortzen. Lagin txikia edo tresna kalibratu gabea onartzeak ez du proiektua ahultzen, indartu egiten du.

Zalantzarik baduzu, idatzi:
zientzia-azoka@elhuyar.eus