Ikasle gazteak eta ikertzaileak Deustuko Ikastolaren energia-efizientzia sustatzen

2023/06/29

Deustuko Ikastolako DBH3 eta DBH4ko ikasleek, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) ENEDI ikertaldearekin batera, eraikinen energia-efizientzia ikertu dute 2022-2023 ikasturtean, ILARGI proiektuaren eta Elhuyarren Zientzia Azoka ekimenaren barruan.

Otsailean, Deustuko ikasleek, Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI ikertaldeko ikertzaileekin batera, energia-efizientziaren nondik norakoak landu zituzten modu aktibo eta kolaboratiboan. Horretarako, ENEDI ikertaldeko kideak ikastolan izan ziren eta eraikinaren energia-auditoretzarako hainbat ekintza gauzatu zituzten, ikasleekin batera:

  • Energia-efizientzia eraikinetan sustatzeko hitzaldi kolaboratiboa egin zuten.
  • Eraikinaren instalazio termikoak bisitatu zituzten.
  • Kamera termografikoaz baliatuz, gela baten galera termikoak neurtu zituzten.
  • Blower-door saiakeraren bitartez, gela baten infiltrazioak neurtu zituzten, era esperimentalean.

Bisitan egindako neurketen helburu nagusia eskola-eraikinaren energia-efizientzia sustatzeko ekintzak lantzea zen. Gainera, Elhuyar Zientzia Azokarako proiektuak egiteko ideiak proposatu ziren.

Martxoan, energia-efizientzian diharduten profesionalen laborategia bisitatu zuten ikasleek, alegia, Eusko Jaurlaritzako Eraikinen Kalitate Kontrolerako Laborategia (EKKL). Bisita horretan, gazteek EKKLko Sail Termikoa, Akustikoa eta Mekanikoa bisitatu zituzten, eta haietan ikertzaileek zer esperimentu egiten dituzten ezagutu zuten. Horretaz gain, ikasle-talde bakoitzak ENEDIko ikertzaileei Elhuyar Zientzia Azokarako egiten ari ziren proiektuak aurkeztu zizkieten, “Energia-kongresu” baten bidez. Kongresu horretan, ikasleek ENEDIko ikertzaileen proposamenak jaso zituzten, proiektuak hobetzeko.

Martxotik ekainera, gazteek proiektuak lantzen jarraitu zuten eta, ekainaren 2tik 4ra, Deustuko Ikastolako hiru taldek ikasturtean landutako “Etxe Ekoefienteak I”, “Etxe Ekoefienteak II” eta “Etxe Ekoefienteak III” proiektuak Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztu zituzten.

Horrelako jarduerak oso interesgarriak dira ikasleak zientzialarien tokian jartzeko, zientzialarien eta teknologoen egunerokoa nolakoa den ezagutzeko eta ikertzaileek egiten dituzten esperimentu eta ikerketa errealetan parte hartzeko.

ILARGI proiektuak Euskal Herriko Unibertsitateko dirulaguntza eta partaidetza izan du 2022ko Unibertsitatea/Enpresa/Gizartea ikerketa proiektuen baitan, eta Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología,  Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.