Nafarroako 6 ikastetxetako 62 gaztek eta Euskal Herriko 18 ikertzailek hartu dute parte “Parekoen topaketa” ekimenean
Nafarroako gazteak eta Euskal Herriko ikertzaileak elkartu dira gaur goizean, Elhuyarrek, STEM Planetaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, antolatutako “Parekoen topaketa” izeneko online saioan. 11:30ean hasi eta 13:00etara bitartean, ikasleek eta ikertzaile gazteek elkar ezagutu, proiektuak partekatu eta horiek hobetzeko oharrak egin dizkiote elkarri. Ekimenaren helburua bikoitza da; batetik, STEM profesionalak ezagutzea eta, bestetik, Nafarroako foru-erkidegoan ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sarea indartzea da, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.
Gaurko saioa Elhuyar Zientzia Azoka ekimenari lotua dago, eta azokan parte hartzen ari diren Nafarroako ikastetxeetako gazteak izan dira topaketa honetara batu direnak. Guztira, 6 ikastetxetako (DBHI Otsagabia, Garralda DBHI, IES Barañáin, IESO Roncal-Erronkari DBHI, San Fermin ikastola, eta Zangozako Ikastola) 62 gaztek (24 neska eta 38 mutil) 18 proiektu aurkeztu dituzte (10 euskaraz eta 8 gaztelaniaz). Ikertzaileei dagokienez, 18 izan dira guztira: Nafarroako ikertzaileak, STEM Planetaren mentore-sareko kideak, eta Elhuyar Zientzia Azokako ikertzaile boluntarioak; guztira 13 STEM emakumek eta 5 gizonek hartu dute parte.
Ekintza hau posible izan da erakunde eta entitate hauen laguntzari esker:
- Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa
- Eusko Jaurlaritza
- Bilboko Udala
- Bizkaiko Foru Aldundia
- Erabi
Eta Euskal Herri osoko Unibertsitateen (EHU, MU, Deustuko unibertsitatea, UEU, UPNA, Digipen), zentro teknologikoen (Ikerbasque, Tecnalia, Neiker, CICnanogune, CFM, DIPC, BCMaterials), Espainiako eta Europako beste zientzia-azoken eta zientziako beste zenbait entitateren (Bizkaia Talent, Ciencia en Acción, TZBZ) kolaborazioari esker.
Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren (FECYT) laguntzarekin egina.
Babesleak