Bioaraba bisitatu dute Basauriko Uribarri BHIko gazteek

2024/07/09
Elhuyar Zientzia Azokako egonaldien zozketan lortu zuten saria.

Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuak Basauriko Uribarri BHIko batxilergo-ikasle eta irakasleen bisita jaso du.  Bilbon egin zen Elhuyar Zientzia Azokako zozketan eskuratu zuten egonaldi hau.  

Gazteek minbizia bezalako gaixotasunak artatzeko eta tratatzeko zirkuitua ikusi ahal izan dute, horretan parte hartzen duten profesionalen eskutik (mediku erradioterapeuta, fisikari medikuak, erradioterapiako eta erizaintzako teknikariak). Honela, erradiazioen bidezko tratamendu pertsonalizatuaren plangintza ezagutu dute.         

Erradiazio bidezko tratamendua modu pertsonalizatuan nola aplikatzen den ikusi dute. Goi-mailako teknologia-ekipoek tratamenduan hautatutako puntu bakoitzean gaixo bakoitzari erradiazioaren dosi planifikatuak ematen dizkiote.

Ikasleek ulertu dute, ikerketari eta teknologiari esker, erradiazioen bidezko tratamenduak gero eta seguruagoak eta eraginkorragoak ez ezik, laburragoak ere badirela, eta, hala, gaixoaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dutela.

Amaitzeko, IIS Bioarabaren berrikuntza-plataforma ezagutzeko aukera izan dute koordinatzailearen eskutik. Bertan, errealitate birtual eta areagotuko betaurrekoak erabiliz, fikziozko egoeretan murgildu dira. Osasun-langileak entrenatzeko erabiltzen dira simulazio hauek.