Biurdanako ikasleak Milango I Giovani e le Scienze azokan izan dira "Hobetu daiteke adineko pertsonen egoera botikarik gabe?" proiektua aurkezten
Iruñeko Biurdana BHIko Ibon Salaberri, Aiora Dorai, Iraia Ongay eta Iera Garbisu ikasleek Milango I Giovani e le Scienze nazioarteko zientzia-azokan parte hartu dute, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan Batxilergo kategoriako lehen saria irabazi ostean.
"Hobetu daiteke adineko pertsonen egoera botikarik gabe?" izeneko ikerketa-proiektuan, belaunaldien arteko jarduerek adinekoen ongizatean duten eragina aztertu zuten lau hilabeteko esperimentazio konparatibo baten bidez. Emaitzek balio kliniko handiz frogatu zuten jarduera hauek adinekoen ongizate emozionala, eta neurri txikiagoan kognitiboa ere, nabarmen hobetzen zutela, farmakoen beharrik gabe.
Milango azokan, beren lana zabaltzeko eta nazioarteko ikuspegiak ezagutzeko aukera izan dute, zientziarekiko grina partekatzen zuten beste gazte ikertzaileekin esperientziak trukatuz. Egun aberasgarriak izan ziren, bai ikuspegi zientifikotik, bai pertsonaletik.
Zorionak egindako lan bikainagatik!
Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeak aukera ematen die gazteei nazioarteko azoketan aritzeko eta zientziaren mundura gerturatzeko. Milango esperientziak, dudarik gabe, arrastoa utziko du Ibon, Aiora, Iraia eta Ieraren ibilbidean.
