EAEko gazteentzako lanbide-orientazioko topaketak

2022/10/20
Urriaren 17an, 18an eta 19an, DBH eta batxilergoko EAEko 16 ikastetxetako 300 neska-mutilek eta 75 STEM profesionalek hartu dute parte Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egindako STEAM topaketetan

Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan kokatzen dira ekimen horiek. Estrategia horren helburua da STEM irakaskuntzak (Science, Technology, Engineering, Mathematics) Euskadiko ikasle guztiei hurbiltzea, batez ere neskei. STEAM Sare ekimenak ikasleek egunero Euskadin lan egiten duten enpresa eta zentro teknologikoetako jardun profesionala ezagutzea sustatzen du.

Elhuyarrek eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolaturiko topaketek, hitzordu azkarren formatua izan dute. Ikasleak mahai bakoitzeko lau pertsonako taldeetan banatu dira, eta haiekin batera, hamabost minutuko txandetan, gonbidatutako profesionalak eseri dira, esperientziak ikasleekin partekatzeko. Denbora horretan zehar, eguneroko lanean zein erronka dituzten azaldu dute, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresa eta erakundeetako STEM profesionalek.