Elgoibarko eta Laudioko Bizilabeko gazteak Asturiasko Zientziaren eta Berrikuntzaren IV. Azokan parte hartzen ari dira

2026/05/21

2026-05-21

Elgoibarko eta Laudioko Bizilabeko gazteak 2026ko Asturiasko Zientziaren eta Berrikuntzaren IV. Azokan parte hartzen ari dira, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan sarituak izan ondoren.

 

Elgoibarko Bizilabeko Othman eta Andonik DBHko 1. eta 2. mailetako hirugarren saria eskuratu zuten, “Lyme gaitza saihesten laguntzen duen aplikazioa” proiektuarekin. Taldeak aplikazio bat diseinatu du erabiltzaileei larruazalean atzemandako akainak identifikatzen eta Lyme gaitzaren arriskuaz ohartarazten laguntzeko. Teknologia eta zientzia uztartu dituzte, osasunarekin lotutako eguneroko arazo bati irtenbide praktikoa emateko.

Laudioko Bizilabeko Aimar, Eliana, Haimar eta Jonek, berriz, DBHko 1. eta 2. mailetako bigarren saria jaso zuten, “Esekitoki automatikoa” proiektuagatik. Etxeko eguneroko bizimodua errazteko sistema bat garatu dute: arropa automatikoki esekitzeko mekanismo bat, bereziki mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat lagungarria izateko pentsatua.

Asturiasko azokan, bi taldeek aukera dute beren proiektuak beste gazte batzuekin, irakasleekin eta zientziarekiko interesa duten bisitariekin partekatzeko. Era berean, esperientzia aberasgarria da beren lanak Euskal Herritik kanpo aurkezteko, beste proiektu batzuk ezagutzeko eta zientziaren zein berrikuntzaren inguruko ikuspegi berriak jasotzeko.

Zorionak Elgoibarko eta Laudioko Bizilabeko gazteei, egindako lanagatik, jasotako sariengatik eta zientziarekiko erakusten ari diren konpromisoagatik.