Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen ari diren gazte nafarrak Iruñean bildu dira

2024/03/21
Azokarako prestatzen ari diren zientzia eta teknologia proiektuen berri eman diete elkarri.

Nafarroako 44gazte elkartu dira gaur goizean Iruñeako Geltoki aretoan antolatutako topaketan. Guztira 4 ikastetxetatik etorri dira gazteak: Iruñeako Biurdana BHI, Iruñeako Iñaki Otxoa de Olza, Leitzako Amazabal BHI eta Altsasuko Altsasu BHI ikastetxeetatik.

10 taldetan jarrita, bakoitzak bere proiektua beste lau talderi aurkezteko aukera izan du, eta, alderantziz, lau talderen proiektuak ezagutu dituzte gazteek.  Ostean, proiektuari buruzko iruzkin eta ekarpenak egin dizkiote elkarri.

Ekimen honi esker, euren proiektua aberasten jarraituko dute datozen asteetan, Iruñean egingo den Elhuyar Zientzia Azoka | Nafarroa / Teknozientzia azoka handira begira. Baluarten izango da, apirilaren 27an, goizez. Egun horretan, Nafarroa osoko ikasleak bilduko dira eta euren proiektuen berri emango diete bertaratzen diren guztiei.