Etxarri Aranatzeko ikasleak Bartzelonako Expo Recerca azokan izan dira "Auto berriztagarria" proiektua aurkezten
Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastetxeko DBH 3–4. mailako Julen Ruiz de Erentxun, Ekhi Pérez eta Jon Orella ikasleek Bartzelonako Expo Recerca nazioarteko zientzia-azokan parte hartu dute, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan DBH 3–4 kategoriako bigarren saria irabazi ostean.
"Auto berriztagarria" izeneko ikerketa-proiektuan, energia berriztagarriak ibilgailu-sektorean nola txertatu daitezkeen aztertu dute, etorkizuneko garraio jasangarrirako irtenbideak proposatuz.
Expo Recerca azokan, beren lana zabaltzeko eta nazioarteko ikuspegiak ezagutzeko aukera izan dute, zientziarekiko grina partekatzen duten beste gazte ikertzaileekin esperientziak trukatuz. Egun aberasgarriak izan dira, bai ikuspegi zientifikotik, bai pertsonaletik.
Zorionak egindako lan bikainagatik eta Elhuyar Zientzia Azokan jasotako sariagatik!
Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeak aukera ematen die gazteei nazioarteko azoketan aritzeko eta zientziaren mundura gerturatzeko. Bartzelonako esperientziak, dudarik gabe, arrastoa utziko du Julen, Ekhi eta Jonen ibilbidean.
