Eureka! Zientzia Museoak eta Elhuyarrek ikertzaile gazteak eta Gipuzkoako ikasleak elkartu dituzte gaur Donostiako museoan

2022/03/21
Bigarren Hezkuntzako ikasleek zientzia eta teknologiako proiektuen inguruko iradokizun eta aholkuak trukatu dituzte gaur ikertzaile gazteekin Eureka! Zientzia Museoan egin den “Parekoen arteko topaketa”n. Proiektuok ekainean aurkezteko dira, Bilboko ‘Elhuyar Zientzia Azokan’

Kutxa Fundazioaren Eureka! Zientzia Museoak eta Elhuyarrek antolatu duten “Parekoen arteko topaketa” goizeko hamarretan hasi da. Ikertzaile gazteez eta ikasleez gain, bertan izan dira, batetik, Ander Aizpurua Susperregui, Kutxa Fundazioaren zuzendaria, eta, bestetik, Danel Solabarrieta Arrizabalaga, Elhuyar Zientzia Azokako arduraduna.

Topaketaren helburua ikertzaile gazteek ikasleekin proiektuak partekatzea da. Goiz osoan aritu dira iradokizun eta aholkuak trukatzen; parte-hartzaileen artean, ‘Elhuyar Zientzia Azoka’ proiektuan parte hartzen ari diren Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako hainbat ikasle izan dira, hala nola Beasaingo La Salle ikastetxekoak, Donostiako Maria Reina eskolakoak, Lazkaoko San Benito ikastolakoak, Usurbilgo Udarregi ikastolakoak eta Donostiako La Salle San Luis ikastetxekoak. Guztira, 20 talde eta 73 ikasle. Eta ikasleekin batera, baita UPV/EHUko unibertsitatetako eta zenbait ikerketa-zentrotako 24 ikertzaile gazte ere.

‘Elhuyar Zientzia Azoka’ proiektua

Elhuyar Zientzia Azoka Elhuyarren ekimen bat da, eta 10. edizioa izango da 2022koa. Ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak gidari. Horietako lan asko ekainean Bilbon egingo den azokan aurkeztuko dira.

Gaurko saioan parte hartu duten ikastetxeetako gazteek Elhuyar Zientzia Azokak ekainean Bilbon egingo duen azokan hartuko dute.

Elhuyar Zientzia Azoka proiektuak Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT) eta Euroeskualdearen laguntza ekonomikoa du, besteak beste.