Euskal Herriko gazteek ikasturtean landutako 200 proiektu egongo dira ikusgai Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan

2022/06/02

Martxan da Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioa. Goizeko 10:30ean eman zaio hasiera, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, Koldo Narbaiza Olaskoaga, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Joseba Mariezkurrena Cuesta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna bultzatzeko zuzendaria; Amaia Agirre Pinedo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria; Eneritz Gonzalez Fernandez, Nafarroako Gobernuko Euskara Ataleko burua; Ivan Aguirre Torre, Erabiko zuzendaria; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Gaurtik hasi eta igandea bitartean, gazteek ikasturtean landutako 200 STEAM proiektu ikusteko aukera izango da Bilboko Areatzan, baita tailerrak, esperimentuak eta zientzia-ikuskizunak ere. Guztira 500 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Azokak berak 10 urte betetzen ditu, eta Elhuyarren 50. urteurrenaren ospakizunen artean egingo da. 

Azoka 4 egunetan banatuko da, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsiko dira. (EGITARAU OSOA)

Sari-banaketari dagokionez, aurten estreinakoz sariak egunero banatuko dira, gazteei etxoletan bertan emango zaie dagokien saria, eta haien berri Elhuyarren sare sozialetan emango da. Jasoko dituzten sariak honako hauek dira: ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta estatuko zein nazioarteko azoketarako bidaiak.

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartuko dute. Eta azpimarratzekoa da proiektu honekin izan duten konpromisoa; unibertsitate eta zentro teknologikoetako 218 ikertzailek (199 emakume) eman zuten izena ikasturte-hasieran ikasleekin lan egiteko. Horrez gain, eta horri jarraikiz, azpimarratzekoa da ikertzaileen eremu profesionalaren presentzia azokan bertan; horrela, unibertsitateen proiektuak erakusteko, ikertzaile hauek egon dira Areatzan: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, TECNALIA eta BC Materials.

 

ORAINDIK GARAIZ ZABILTZATE: ZATOZTE AREATZARA ZIENTZIAZ GOZATZERA!!!

Elhuyar Zientzia Azoka proiektuak, besteak beste, honako entitate hauen laguntza ekonomikoa du: Eusko Jaurlaritza, Euroeskualdea, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT), Bilboko Udala, Bizkaiko For Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Erabi.