Ikasle gazteak eta ikertzaileak elkarlanean: gaixotasun zeliakoaren ikerketa kolaboratiboa
Ikasleek, unibertsitateko ikertzaileekin batera, modu aktibo-kolaboratiboan egin zuten lan. Taldeka antolatuta zeliakiaren edo glutenaren inguruko gai zehatz bat aukeratu zuten eta, metodo zientifikoa jarraituz, talde bakoitzak bere ikerketa proiektua garatu zuen GLUTEN3Sko kideen gidaritzapean.
Ondorengo gaiak landu zituzten:
- dieta orekatua,
- gaixotasun zeliakoaren sintomatologia,
- glutenaren kimika,
- gluten gabeko produktuak,
- elikagaien kutsadura gurutzatua,
- gluten gabeko dietaren nutrizio-oreka, eta
- gluten gabeko dietak eragiten dituen oztopo sozialak.
Taldeek euren artean erlazionatuta dauden lanak garatu zituzten, zenbaitetan talde batzuek besteen laguntza behar izan zutelarik. Gazteek aldi berean garatu zituzten elikadurarekin lotutako ezagutzak. Hortaz, proiektu bakoitzaren amaieran ikerketa-lanen komunikazioa egin zuten, ezagutza denon artean eraikitzeko eta berdinen arteko interdependentzia positiboa sustatzeko.
Mota honetako jarduera parte-hartzaileak oso interesgarriak dira: ikasleek zientzialarien papera hartzen dute, gai bat aztertzeko metodo zientifikoa aplikatzen dute eta, horrela, pentsamendu kritikoa garatzeko aukera dute.
Zorionak, gazteok, eginiko lan onagatik!
Hemen GLUTEN3S ikerketa-taldeari eta bere lanari buruz informazio gehiago.
Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Euroeskualdearen, Nafarroako Gobernuaren, FECYT- Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología erakundearen (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi erakundearen laguntza ekonomikoa du, eta euskal unibertsitate eta ikerketa-zentro nagusien lankidetza.