Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak hitzarmena sinatu dute Gipuzkoan 'Elhuyar Zientzia Azoka' antolatzeko

Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Elhuyarrek antolatzen duen Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egiteko.
Elhuyarren helburuetan daude zientzia eta teknologiaren gizarteratzea eta hezkuntza, eta, horien barruan, STEAM hezkuntzan (Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics) gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta XXI. mendeko gaitasunak garatzeko ekimenak sortzen ditu.
Kutxa Fundazioaren estrategia da Gipuzkoan hezkuntza-komunitateari ikaskuntza-aukera berriak sustatzen laguntzea. Bere estrategiaren barnean, Gaitasunen Garapena lan-lerrotik, eta STEAMatzen programaren barnean, ikasleekin STEAM ikuspegi pedagogikoa izango duten proiektuak garatzea sustatuko du. Gazteen (emakumezkoak nabarmenduz) zientzia- eta teknologia-formakuntzan, gaitasunak garatzea eta ahalduntzea eta STEAMen “A” barnean lantzen diren pentsamendu-moldeak eta edukiak txertatzea ditu helburu.
Bi erakundeen helburu eta estrategiak batuta, hauek dira lankidetzaren xedeak: gazteen zientzia-bokazioa bultzatzea, jendartean zientzia-kultura sustatzea eta zientzia hedatzeko tresna izatea.
Elhuyar Zientzia Azoka-STEAM Gipuzkoa izena hartuko du zientzia-azoka horrek, eta Tolosan egingo da lehen aldiz, maiatzaren 6an, Tolosako Udalaren laguntzarekin.
Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Euroeskualdearen, FECYT-en (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du.