Larramendiko ikasleak Cambreko Open Science azokan izan dira “Liztor asiatikoa tranpatzea” proiektua aurkezten

Larramendi ikastolako DBH 1. mailako Peio Etxebarria, Irati Kerexazu eta Markel Urrutia ikasleek Cambreko (Galizia) Open Science zientzia-azokan parte hartu dute, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan DBH 1–2 kategoriako lehen saria irabazi ostean. Gontzal Martin izan da proiektuaren tutorea.
“Liztor asiatikoa tranpatzea” izeneko ikerketa-proiektuan, ingurumen-arazo larri bihurtu den liztor asiatikoaren aurkako tranpak aztertu eta proposatu dituzte. Taldeak landutako proposamena Galiziako azokan aurkeztu dute, bertako eta kanpoko gazte ikertzaileekin batera.
Open Science azokan, beren lana zabaltzeko eta bestelako proiektuak ezagutzeko aukera izan dute, zientziarekiko grina partekatzen duten beste ikasleekin esperientziak trukatuz. Egun aberasgarriak izan dira, bai ikuspegi zientifikotik, bai pertsonaletik.
Zorionak egindako lan bikainagatik eta Elhuyar Zientzia Azokan jasotako sariagatik!
Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeak aukera ematen die gazteei nazioarteko azoketan aritzeko eta zientziaren mundura gerturatzeko. Cambreko esperientziak, dudarik gabe, arrastoa utziko du Peio, Irati eta Markelen ibilbidean.