180 gaztek 43 proiektu aurkeztu dituzte ‘Elhuyar Zientzia Azoka│Nafarroa Teknozientzia ’ azokan

2024/04/29
Hirugarren aldiz ospatu da zientzia-azoka hau, apirilaren 27an, Iruñeko Baluarte jauregian. DBHko, LHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Bereziko Nafarroako 20 ikastetxetako gazteek 43 STEM proiektu aurkeztu dituzte.

STEM Planeta-NICDO-Planetarioa eta Elhuyar-ek antolatutako ‘Elhuyar Zientzia Azoka│NafarroaTeknozientzia’ azoka egin da Baluarte jauregian, larunbatean, apirilak 27. Nafarroako ikastetxeetako gazteek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izan dute.

Azoka goizeko 10:30etan ireki da agintari eta beste ordezkarien presentziarekin. Arnaitz Fernandez aukezleak gidatutako ekitaldian izan dira Patricia Fanlo Mateo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko arduraduna; Arola Urdangarin, Euroeskualdea Akitania-berria Euskadi Nafarroa-ko zuzendaria eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Goizean zehar, 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 43 proiektu zientifiko inguru erakutsi dituzte. Guztira 180 gaztek hartu dute parte.

Nafarroako ikastetxe hauetako gazteak izan dira:
• Altsasu BHI (Altsasu)
• Amazabal BHI (Leitza)
• Askatasuna BHI (Burlata)
• Colegio E.E. El Molino (Iruñea)
• Colegio Luis Amigó (Mutiloa)
• Garcés De Los Fayos Ikastola (Tafalla)
• IES Caro Baroja (Iruñea)
• IES Mendillorri (Iruñea)
• IES Padre Moret-Irubide (Iruñea)
• IES Plaza De La Cruz (Iruñea)
• Iñigo Aritza ikastola (Altsasu)
• Iruñeko Planetarioa
• Liceo Monjardin (Iruñea)
• Otsagabia DBHI (Otsagabia)
• San Fermin Ikastola (Zizur Txikia)

‘Elhuyar Zientzia Azoka│NafarroaTeknozientzia’, NICDO-Iruñeko Planetarioak eta Elhuyarrek antolatutako azoka da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren laguntzarekin eta EZA ekimen orokorra babesten duen Euroeskualdea Akitania-Berria Nafarroa-ren laguntzarekin. Azokaren helburu nagusia da STEM (ingeleseko sigletatik zientzia, teknologia, ingeniaritza, eta matematika) zer den ezagutaraztea, gazteen STEM konpetentziak eta zeharkako konpetentziak garatzea, eta bizipen zientifikoak gazteei eskaintzea.

Bigarren hezkuntzako ikasleek proiektu zientifikoak eta teknologikoak publikoarekin partekatu dituzte, eta gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertu eta kultura zientifikoa bultzatu eta zabaldu nahi dira. Azpimarratzekoa da proiektuan zehar ikertzaileek duten parte-hartzea, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzeko eta proiektu honekin izan duten konpromisoa; gazteen proiektuen aholkulari izan dira.

Baluarteko azokaren aurretik, Kanbon eta Ziburun ere egin ziren azokak eta, datorren asteburuan, maiatzaren 4an, Usurbilen, egingo da Gipuzkoakoa. Horiek guztiek osatzen dute, Nafarroakoarekin batera, ‘Elhuyar Zientzia Azoken sarea’. Sare honi amaiera Bilboko Areatzako ‘Elhuyar Zientzia Azoka’-k emango dio, datorren maiatzaren 22tik 25era. Euskal Herri osoko gazteek parte hartuko dute bertan; aurtengoa 12. edizioa izango da.

‘Elhuyar Zientzia Azoka Nafarroa│Teknozientzia’ azokak, Nafarroako Gobernuaren eta Euroeskualdea Akitania-Berria Nafarroa-ren laguntza jaso du.

Antolatzaileak:
STEM Planeta-NICDO-Planetarioa eta Elhuyar
Babesleak:
Nafarroako Gobernua eta Euroeskualdea Akitania-Berria Nafarroa

 

Azokako argazkien galeria hemen.