Nafarroako 227 gazte bilduko dira Baluarten, Elhuyar Zientzia Azoka | Nafarroa Teknozientziaren zortzigarren edizioan
Datorren larunbatean, apirilaren 25ean, Baluarte Nafarroako gazteen zientzia eta sormenerako eszenatoki bihurtuko da, Elhuyar Zientzia Azoka | Nafarroa Teknozientziaren zortzigarren edizioarekin. Foru Komunitate osoko 15 ikastetxetako 12 eta 18 urte bitarteko 227 ikaslek ikasturtean zehar garatutako 51 STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) proiektu aurkeztuko dituzte. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztiak daude gonbidatuta zientziaz eta sormena betetako goiz honetara.
Elhuyarrek eta Iruñeko Planetarioak / NICDOk antolatu dute azoka, eta helburu nagusia kultura zientifikoa eta teknologikoa Nafarroako gizartera hurbiltzea da, etorkizunerako irtenbideak imajinatzen dituzten gazteen talentua aitortuz.
Inaugurazio-ekitaldia 10:30ean hasiko da, erakundetako eta talde antolatzaileko ordezkariekin. Ondoren, publiko orokorrak hiru bat orduz bisitatu ahal izango ditu postuak, zuzenean hitz egin ahal izango du ikasle-taldeekin, eta bertatik bertara ikusi ahal izango du Nafarroako gazteek nola aplikatzen duten ezagutza zientifikoa erronka errealei erantzuteko.
Azokan ikusgai jarriko diren 51 proiektuak urte akademiko osoan zehar egindako lanaren emaitza dira. Zorroztasun zientifikoa, gaitasun digitalak eta berritzeko gaitasuna konbinatzen dituzte, inguruneari, osasunari, iraunkortasunari edo teknologiari buruzko galdera garrantzitsuei erantzuteko. Azoka bisitatzea aukera ezin hobea da egiaztatzeko zientzia laborategietan ez ezik Nafarroako ikastetxeetako geletan ere gertatzen dela.
Parte hartu duten 15 ikastetxeen artean, honako hauek daude:
Agoitz DBHI, IES Plaza de la Cruz, San Fermin Ikastola, IES Sarriguren BHI, Liceo Monjardin, IES Mendillorri BHI, Bizilabe Iruña, Colegio Luis Amigó, IES Basoko, Tafallako Ikastola, IES Julio Caro Baroja, Amazabal BHI, El Molino, DBHI Otsagabia eta IES Padre Moret-Irubide.
Antolatzaileak Elhuyar, Iruñeko Planetarioa / NICDO
Babesleak Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza
Laguntzaileak Aditech, NUP
