Nafarroako gazteek 40 zientzia-proiektu erakutsiko dituzte Iruñean, Baluarteko Teknozientzia azokan

2022/04/07

Teknozientzia Azoka datorren larunbatean, apirilak 9, ospatuko da Iruñeko Baluarten, eta gazteek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izanen dute. Azoka goizeko 10:00etan irekiko da Nafarroako agintari eta beste ordezkarien agurrarekin. Bertan izanen dira Agurtzane Martínez Ortigosa, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza Saileko zuzendaria; Paula Noya López, NICDOko azpiegituren zuzendaria; Diego Garrido Vidal, Aditech-eko zuzendaria; Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko zuzendaria; Eneritz González Fernández, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara atalburua, eta Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyarreko STEAM Hezkuntzaren Arlo-arduraduna.

Goizean zehar, 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 40 proiektu zientifiko erakutsiko dituzte Baluarteko erakusketa-aretoan. Saioaren amaieran, gazteek parte-hartze diplomak jasoko dituzte eta ikerketa-zentroek eskainitako bisitak banatuko dira parte hartu duten ikastetxeen artean: Amazabal BHI, Biurdana BHI, C. Luis Amigó, C. Sagrado Corazón, C. San Cernin, Garralda DBHI, IES Barañain, IES Basoko, IES Navarro Villoslada, IES Padre Moret - Irubide, IES Plaza de la Cruz, Liceo Monjardin, Otsagabia BHI, San Fermin Ikastola eta Zangozako Ikastola.

Teknozientzia azokaren helburuak dira, batetik, Bigarren hezkuntzako ikasleek proiektu zientifikoak eta teknologiak publikoarekin partekatzea, eta, bestetik, gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea. 

Euskadi-Akitania-Nafarroako Euroeskualdea deialdiko proiektua da Teknozientzia. Bere helburua da STEAMNET zientzia-azoken sarea garatzea. Euskadiko, Akitaniako eta Nafarroako hiru erakundek (hurrenez hurren, Elhuyar Zientzia Azoka, Kanboko Xalbador kolegioa eta STEM Planeta) bat eginda garatzen ari diren proiektua da.

Apirilaren 2an egin berri da Kanboko Xalbador kolegioko zientzia-azoka, apirilaren 9an Iruñean Teknozientzia azoka ospatuko da, eta ekainaren 2tik 4ra izango da Elhuyar Zientzia Azoka, Bilbon.

Teknozientzia azokak, besteak beste, Euroeskualdearen eta Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT) laguntza jaso du.