POLYMAT ikerketa-zentroak Elhuyar Zientzia Azokarekin hitzarmena sinatu du

2022/10/06
Donostiako POLYMAT (The Basque Center for Macromolecular Design and Engineering) ikerketa-zentroak, Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egin du gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko tresna izateko helburuarekin.

POLYMAT ikerketa-zentroak proiektu estrategikotzat jo du Elhuyar Zientzia Azoka, eta bide horretan, ekimenak behar besteko neurria eta irismena izan dezan, sinatzaileak oso garrantzitsutzat jotzen du Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sareko eragileak elkartzea.

Hitzarmenari esker, aurrerantzean, Elhuyar Zientzia Azokaren laguntzaile izango da eta Elhuyar Zientzia Azokako gazte-taldeak POLYMATen hartzeko konpromisoa hartu du. Horretarako, harrera egingo zaie gazteei, ikerketa-zentroaren jarduera azalduko zaie, eta ikertzaileekin solasteko aukera izango dute.

Hitzarmena POLYMATeko kudeatzaileak, Idoia Azaldegui Alba andreak, eta Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak, Jon Abril Olaetxea jaunak, sinatu dute.

 

Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Euroeskualdearen, FECYT-en (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa,  Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du.