Iruñeko San Fermin ikastolako gazteek zilarrezko domina jaso dute Milanen ospatutako Italiako zientzia-azokan
2022ko Elhuyar Zientzia Azokan Batxilergoko Teknologia arloko lanik onenaren saria jaso dute San Fermin ikastolako Ane Garcia eta Leire Culla gazteek ‘Calefactio solaris’ lanagatik, eta horrek eman zien aukera Italiako azokara joateko; asteburu honetan, martxoaren 17tik eta 19ra, Milanen ospatutako ‘I Giovani e le Scienze’ Italiako zientzia-azoka nagusian hartu dute parte, eta azokako bigarren lanik onenaren saria jaso dute eta zilarrezko domina ekarri dute Iruñera.
Hauxe gazteek ‘’Calefactio solaris’ lanari buruz diotena: “Gaur egungo erregai fosilen gehiegizko erabilerak berezko berotegi efektuaren areagotzea ekarri du aldaketa klimatikoa eraginez. Hau konpontzeko energia berriztagarrien erabilera askoz gehiago areagotu behar dugu. Horretarako arazo honi konponbide bat bilatu nahian eta Nafarroako eguzki irradiazioa kontuan hartuta, eguzki-panel batean oinarritutako berogailu autonomo, jasangarri eta ekonomiko bat sortu dugu.”
Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Euroeskualdearen, FECYT-en (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du.
Zorionak, neskak, eginiko lanagatik, izandako bizipenagatik,
eta lortutako emaitzagatik!