STEAM SARE 2023, gazteentzako lanbide-orientazioko jardunaldia

2023/09/28

Hezkuntza Sailak Innobasquerekin lankidetzan antolaturiko STEAM Sare 2023 lanbide-orientazioko jardunaldia egin zen atzo, asteazkena, irailak 27, BEC-Bilbao Exhibition Centre-n.

EAEko ikastetxeetako DBHko 4. mailako 800 ikasle baino gehiago bildu ziren BECen, STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) esparruetako 40 euskal enpresa eta erakundetan lan egiten duten 90 profesional ingururekin. Ikasle gazteek profesional horiek beren egunerokoan egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.

Jardunaldiaren helburua da, alde batetik, gazteei ikasketa eta lanbide aukeraketan laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakutsiz eta profesionalekin harreman zuzena eskainita; eta, bestetik, esparru horietan bokazio eta asmo profesionalak piztea, nesken artean batez ere. Elhuyarrek bat egiten du helburu horrekin eta jardunaldian parte hartu zuen dinamizatzaile gisa.