Zientzialari gazteen arteko ‘Parekoen Topaketa’
Zientzia Azokan parte hartzen ari diren Nafarroako hiru ikastetxetako DBH eta Batxilergoko berrogei bat ikaslek (Leitzako Amazabal BHI, Noaingo Elortzibar BHI eta Atarrabiako Pedro de Atarrabia ikastola) hartu dute parte. Ekimen honek, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Iruñeko Planetarioaren eta Zientziaren Lagunen Klubaren laguntza du.
“Parekoen topaketa” izeneko saioaren inaugurazioan izan dira, besteak beste, Maria Gil Rodriguez Elhuyar Fundazioko Zientzia Unitateko arduraduna, Pablo Sanchis Gúrpide UPNAko Ikerketa Baliabideen eta Ikerketa Egituren Arloko zuzendaria, Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko zuzendaria, eta Nieves Gordón Zientziaren Lagunen Klubeko kidea.
Unibertsitateko atarian dauden ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar Elhuyarren Zientzia Azoka ekimenerako, eta gaurko topaketan unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jaso dituzte. 12 eta 18 urte arteko nafar ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) sail desberdinetako 9 ikertzaile, bekadun eta doktoregai gazteren aholkularitza jaso dute. Laguntza hori baliagarri izango zaie beren lanak azoka batean jendaurrean erakusteko Bilboko erdigunean, apirilaren 21ean, EAEko ikasleekin batera.
Lau erakunde antolatzaileen (Elhuyar Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñeko Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Kluba) helburua da ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sare bat sortzea foru-erkidegoan, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.